Skip to main content

Teknika mistoa, grafitozko arkatza, paper gaineko kolorea eta ebakinekin egindako collagea

Ondo bereizitako bi planotan egituratutako kontakizun bisual bat du obrak. Erdian, artisau-eran egindako marrazki bat dago, besarkada batena; aldiz, marjinetan, collage teknika erabiliz egindako zenbait eszena daude —bi aldeen arteko talkak tentsio-eremu bat sortzen du, eta ikusleak kokatu egin behar du, eta erabaki zer aldetatik begiratu behar duen edo ea biak antola ditzakeen —. Kontraste horrek giza alderdiaren eta alderdi teknologikoaren arteko dualtasuna sinbolizatzen du: alde batetik, eskuz egindakoaren goxotasuna berreskuratzen du egileak, marrazketaren bitartez; eta, bestetik, collageetan, gure errealitate hiperkonektatua islatzen du, ekoizpen masiboko logika kapitalistetan oinarrituta programatutako adimen artifizialen menpe.

Gaur egun, bizkor eta etengabe sortzen da informazioa, nahiz eta ez den egiazkoa beti. Teknologiarekin dugun harremanari buruz hausnartzera bultzatzen gaitu obrak, ikuspegi soziologiko eta filosofikoetatik begiratuta: nola gizatiartzen ditugun makinak, nola erabiltzen ditugun informazio-iturri gisa, eta nola eragiten digun estimulu bisualen ekoizpen masiboak gaur egun, abiadurak eta alienazioak markatutako gizarte garaikide honetan. Paradoxikoa bada ere, garai honetan gero eta bakartiagoak gara, eta itsututa gaude gure emozioei eta estimuluei eustearekin, baina gero eta gehiago deskonektatzen gara bizitzatik, funtsezko fenomenoa den bizitza horretatik.

Leave a Reply